XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hau dela eta, ez dakit oso zuzena den, soil-soilik, Administrazioko terminologiaz hitz egitea, batera arlo gehiago aztertu behar da eta.

Garrantzitsuena, nik uste, arloen behin-betiko sailkapen-sistema erabakitzea da, bai dagoeneko egina eta erabiltzen ari den bat hartuz, edo egokituz, bai berria sortuz.

Baina guztiontzat sistema bera; eta ondorengo pausua terminologian dihardutenen artean arloak banatzea litzateke.

Horrela, elkarlanean, bateratutako erizpideak ezarriz, metodologia bera erabiliz, eta elkarrekin konektaturik egongo diren terminologia-bankuak eginez, bidezkoa litzateke informazioa trukatzea.

Hau garrantzitsua da hiztegi, lexiko eta glosariorik ez duen hizkuntza batentzat.

Antolakuntza orokor bera izan behar da guztiontzako.

Eta terminologia-teoria eta metodologia ezagutu behar dira ezertan hasi aurretik.

Benetako terminologia-fitxak betez gero, erabiltzaile, kontsultatzaile edo itzultzaile batek, bere lanerako behar duen informazioa aurkituko luke fitxa horretan, hau da: terminoaren definizioa, testuinguruak, gramatika-kategoria, terminoaren ponderazio-maila edo balioa (hau ezinbesteko datua da, normalizazio bidean dagoen hizkuntza batentzat, zeren balio horren bidez termino batzuren erabilera bultzatu edo baztertu egiten baita), termino horren sinonimoak, kasi-sinonimoak, testuinguru adierazgarriak, beste hizkuntzatako baliokideak, eta kontsultatu diren iturriak.

Behar bada, horrelako plangintza baten bidez emaitza positiboak ikusten hasiko ginateke.

Luzaroko lana da, urte askotakoa, baina etorkizunean egitura sendoa eduki nahi izanez gero terminologia arloan, oraintxe bertan hasi behar da.

Eta perspektiba hau, hizkuntza arruntera ere zabaldu beharko genuke.

Zenbait lekutan terminologia-lanaren arrazoia itzulpena da, gure testuinguruan, ez da hori bakarrik.

Pentsatu behar dugu terminologiarik gabe ez dagoela jatorrizko produkturik.

Ezin da sortu, ezin da gai berezituei buruz hitz egin, idatzi, argitaratu, ezta irakatsi ere... Nola burutuko da, beraz, itzultzaileek, argitaratzaileek, ikertzaileek eta teknikariek beraien lanerako behar duten dokumentazioa gure hizkuntzan?.

Terminologiaren erabiltzaileak asko dira: ikasleak, ikertzaileak, itzultzaileak, lexikografoak, argitaratzaileak, industria-gizonak, merkatariak, Herri-Administrazioa, komunikabideak, eta Zientzia eta Teknika-arlotan interesaturik dauden guztiak.

Horregaitik publiko honi begira terminologien arteko lehiakidetasunak eta ezadostasunak aldendu behar dira.

Guzti honi gehitu behar zaio, gaur egun, terminologia eleaniztuna egin behar dela, hots, beste hizkuntzen terminologiak aztertu behar dira, oso lagungarriak eta argigarriak izaten baitira nozioak argitzeko.

Terminologiagintza dinamikoa eta ebolutiboa izan behar da, helburu pragmatikoei begira ulertu behar da, eta jakintzagai asko landu behar du.

Helburua zehatza da, beraz: terminologiaren baterakuntza ziurtatzea eta Euskal Herri mailan, erakunde guztien artean terminologien batasuna suspertzea.

Honetaz gain, Administrazioan euskaraz erabiltzen den terminologiaren normalizazioa eta standardizazioa, eta hau bera, beste arlotako terminologiaren kasuan.